viernes, 27 de septiembre de 2024

uz-02-a

 

URTEAN ZEHARREKO II. DOMEKA

A urtean

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Nazinoen argitzat ezarriko zaitut,
nire salbazinoa lurraren azken mugaraino heldu dadin.

Isaias Profetaren liburutik

Is 49, 3. 5-6

    Jaunak esan eustan:
«Zeu zara nire zerbitzaria, Israel,
zure bidez agertuko dot neure ospea».

Orain honan berba egiten dau Jaunak,
amaren sabelean eratu ninduanak haren zerbitzari izateko,
Jakoben leinuak harengana bihurtuazoteko
eta Israel herria batzeko.
Ohorez jantzi nau Jaunak
eta neure Jainkoa izan dot indar.

    Jaunak esan deust:

«Ez da nahiko zu nire zerbitzari izatea,
Jakoben leinuak berreraikitzeko
eta Israelen bizirik geldituak bihurtuazoteko.
Nazinoen argitzat ezarriko zaitut,
nire salbazinoa lurraren azken mugaraino heldu dadin».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 40 [39], 2 eta 4ab. 7-8a. 8b-9. 10 (R/. ik. 8a eta 9a)

R/.   Hemen nozu, Jauna, zure nahia egin dagidan.

V/.   Jaunagan neban jarria itxaropen guztia,
makurtu eta entzun dau nire oihua.
Kantu barria ipini deust ezpanetan,
gorespen-kanta gure Jainkoarentzat. R/.

V/.   Zuk ez dozu sakrifiziorik eta eskeintzarik nahi izan,
ez erre-oparirik eta pekatuen parkamen-oparirik eskatu;
baina belarriak edegi deustazuz.
Horregaitik dinot: «Hemen nozu». R/.

V/.   Hauxe dago nitaz liburuan idatzita:
egin dagidala zure nahia.
Atsegin dot, ene Jainko,
barru-muinetan dot zure legea. R/.

V/.   Iragarri dot batzar nagusian zure justizia,
ez ditut ezpanak itxi, ondo dakizu, Jauna. R/.

 

II. Irakurgaia

Grazia zuei eta bakea
gure Aita Jainkoagandik eta Jesu Kristo Jaunagandik.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolaren hasiera

1 Ko 1, 1-3

    Nik, Paulok, Jainkoak halan nahirik eta berak deiturik, Jesu Kristoren apostolu nazan honek, eta Sostenes anaiak, Korinton dagoan Jainkoaren eleiz alkarteari: grazia zuei eta bakea gure Aita Jainkoagandik eta Jesu Kristo Jaunagandik.
    Jesu Kristok sagaratu zaitue eta Jainkoak bere herri santu izateko deitu, edozein lekutan Jesu Kristo gure Jaunari dei egiten deutsoen guztiekin batera, honeek eta guk Jaun bat bera onartzen dogu-eta. Grazia zuei eta bakea gure Aita Jainkoagandik eta Jesu Kristo Jaunagandik.

Jaunak esana.

          

Aleluia

Jn 1, 14a. 12a

R/.   Aleluia.

V/.   Hitza haragi egin zan,
        eta geure artean jarri eban bizilekua.
        Onartu eben guztiei
        Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena emon eutsen. R/.

 

Ebanjelioa

Hona hemen Jainkoaren Bildotsa,
hona munduko pekatua kentzen dauana.

✠  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 1, 29-34

    Aldi haretan, ikusi eban Joan Bateatzaileak Jesus beragana etortzen eta esan eban: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, hona munduko pekatua kentzen dauana. Beronegaitik esan neban nik: “Badator nire ostean gizon bat, niri aurrea hartu deustana, ze, ni baino lehenagotik bazan”. Neuk be ez neban ezagutzen; baina ni urez bateatzera etorri banaz, bera Israeli agertuazoteko etorri naz».
    Eta autormen hau egin eban Joanek: «Espiritua ikusi dot uso-irudian zerutik jaisten, eta haren gainean gelditzen. Neuk be ez neban ezagutzen; baina urez bateatzera bialdu ninduanak esan eustan: “Espiritua jaisten eta gainean gelditzen jakola ikusten dozuna, haxe da Espiritu Santuaz bateatzen dauana”. Neuk ikusi dot eta autortzen hauxe dala Jainkoaren Semea».

Jaunak esana.


uz-34-a

 

Urtean Zeharreko XXXIV. eta azken Domeka

JESU KRISTO GURE JAUNA,
DIRAN GUZTIEN ERREGEA

A urtean

I. Irakurgaia

Zuei, ene ardioi, hau dinotsuet:
Neuk erabagiko dot auzia ardi batzuen eta besteen artean.

Ezekielen Profezia liburutik

Ez 34, 11-12. 15-17

    Hauxe dino Jainko Jaunak: «Ni Neu egingo naz artaldearen kargu, Neu arduratuko haretaz. Artzaina, artaldea sakabanatu jakonean, ardiakaz arduratzen dan lez, halantxe arduratuko naz Ni neure ardiakaz; egun lainotsu eta ilunean sakabanatutako toki guztietatik atarako ditut.
    Nik Neuk larratuko ditut ardiak eta Neuk hartuarazoko deutset atseden –dino Jainko Jaunak–. Ardi galduaren bila joango naz, desbideratua artaldera batuko dot, hanka hausia lotuko, gaixoa indartuko; gizenak eta indartsuak zainduko ditut. Behar dan lez larratuko ditut ardiak».
    Zuei, ene ardioi, hauxe dinotsuet Nik, Jainko Jaunak: «Neuk erabagiko dot auzia ardi batzuen eta besteen artean, aharien eta akerren artean».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 23 [22], 1-3. 5. 6 (R/. 1)


R/.
   Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean.

V/.   Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean;
larre gurietan etzunarazoten nau,
ur-bazter nasaira eroaten
eta indarrak deustaz barritzen;
bide segurutik naroa,
bere izenari ohore eginez. R/.

V/.   Mahaia atontzen deustazu
arerioen begi-bistan;
orioz igurzten deustazu burua,
gainezka dot edontzia. R/.

V/.   Zoriona eta maitasuna ditut lagun,
bizitzako egun guztietan,
eta Jaunaren etxean biziko naz
amaibako egunetan. R/.

 

II. Irakurgaia

Kristok Jainko Aitari erreinua emongo deutsonean,
Jainkoa guztietan guztia izango da.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 15, 20-26. 28

    Senideok: Biztu da Kristo hilen artetik, heriotzatik biztuko diranetan lehen-frutu. Izan be, heriotza gizon baten bidez etorri zan lez, gizon baten bidez etorri da hildakoen biztuera be. Eta Adamegaz daben alkartasunagaitik gizaki guztiak hiltzen diran lez, Kristogaz daben alkartasunagaitik guztiak bihurtuko dira bizira. Baina bakotxa bere sasoian: lehenengo Kristo, lehen-frutua danez; gero, Kristorenak, hau barriro etortzean. Gero, azkena izango da, Kristok, Jainkoaren kontrako nagusitza, aginte eta indar guztiak ezereztu ondoren, Jainko Aitari erreinua emongo deutsonean. Kristok errege izan behar dau-eta, Jainkoak arerio guztiak haren oinazpian ipini arte. Azkena ezereztuko dan arerioa heriotza izango da.
    Jainkoak gauza guztiak menpean jarriko deutsozanean, Semea bera menpean jarriko jako gauza guztiak menpean jarri eutsozanari, eta Jainkoa danetan dana izango da.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Mk 11, 9. 10

R/.   Aleluia.

V/.   Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!
        Bedeinkatua datorren erreinua,
        gure aita Daviden erreinua! R/.

 

Ebanjelioa

Bere errege-aulki ospetsuan jesarriko da,
eta batzuk besteengandik bananduko ditu.

✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 25, 31-46

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gizonaren Semea –eta aingeru guztiak haregaz– aintzaz beterik etortzean, bere errege-aulki ospetsuan jesarriko da, eta herri guztiak haren aurrean batuko dabez. Harek batzuk besteakandik banandu egingo ditu, artzainak ardiak ahuntzengandik banatzen dituan lez: ardiak bere eskumaldean ipiniko ditu, eta ahuntzak ezkerraldean.
    Orduan, erregeak esango deutse eskoikoei: “Zatoze, nire Aitaren bedeinkatuok; hartu egizue munduaren sortzetik zuentzat prestaturik dagoan erreinua. Ze gose nintzan, eta jaten emon zeunsten; egarri, eta edaten emon; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoan, eta jantzi egin ninduzuen; gaixorik, eta bisitatu; espetxean, eta ikustera etorri zinien”.
    Orduan, zintzoek erantzungo deutsoe: “Jauna, noiz ikusi zinduguzan goserik, eta emon geuntsun jaten, edota egarri, eta edaten emon? Noiz ikusi zinduguzan arrotz, eta etxean hartu, edota biluzik, eta jantzi? Noiz ikusi zinduguzan gaixorik edota espetxean, eta ikustera joan?”
    Eta erregeak erantzungo deutse: “Bene-benetan dinotsuet: nire senide txikien honeetariko bati egin zeuntsoena neuri egin zeunsten”.
    Gero, esango deutse ezkerrekoei: “Alde nigandik, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestatuta dagoan betiko surtara. Ze gose nintzan, eta ez zeunsten jaten emon; egarri, eta ez zeunsten edaten emon; arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixorik eta espetxean nengoan, eta ez zinien ni ikustera etorri”.
    Hareek erantzungo deutsoe: “Jauna, noiz ikusi zinduguzan goserik edota egarriz, arrotz edota biluzik, gaixorik edota espetxean, eta guk lagundu ez?”
    Harek erantzungo deutse: “Benetan dinotsuet: txikien honeetariko bati egin ez zeuntsoena, neuri ez zeunsten egin”.
    Eta honeek betiko zigorretara joango dira; zintzoak, barriz, betiko bizitzara».

Jaunak esana.

 

Jainkoaren erreinua
noizko den ez galda!
Jainkoaren erreinua
gure artean da. (bis)

Atzokoak: atzo atzo!
biharkoak: bihar bihar!
Egun zauku Jauna mintzo,
Haren deia denek onar!

Jainkoaren erreinua
noizko den ez galda!
Jainkoaren erreinua
gure artean da.
(bis)

Urrungoak: urrun urrun!
Barnekoak: barna barna!
Elgar maita elgar lagun,
Gutartean dagon Jauna!

Jainkoaren erreinua
noizko den ez galda!
Jainkoaren erreinua
gure artean da.
(bis)

Lurrekoak: hurbil hurbil!
Zerukoak: gora gora!
Dohakabeen lagun ibil,
hetan baita Jauna beha!

Jainkoaren erreinua
noizko den ez galda!
Jainkoaren erreinua
gure artean da.
(bis)

Iratzeder

 


uz-33-a

 

(Fray MARCOS)

(ArrateIrratikoa)

URTEAN ZEHARREKO XXXIII. DOMEKA

A urtean

I. Irakurgaia

Gogotsu egiten dabe lan haren eskuek.

Esaera Zaharrak liburutik

Es 31, 10-13. 19-20. 30-31

    Nork aurkituko etxekoandre arduratsua?
Harribitxiak baino askoz baliotsuagoa da.
Konfiantza osoa dau senarrak harengan,
eta ez da sekula beharrizanean aurkituko.
Zoriona ekartzen deutso, ez zoritxarra,
bizitzako egun guztietan.
Artilea eta lihoa eskuratzen ditu,
gogotsu egiten dabe lan haren eskuek.

Eskuaz goruari heltzen deutso
eta atzamarrez ardatzari eragiten.
Dohakabeari eskua zabaltzen deutso
eta behartsuari laguntza emoten.

Guzurrezkoa da lilura, alperrekoa edertasuna;
goragarria, ostera, Jaunari begirune deutson emakumea.
Emon egiozuez eskerrak bere eskuen lanagaitik,
goratu herri osoaren aurrean berak eginagaitik.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 128 [127], 1-2. 3. 4-5 (R/. 1a)


R/.
   Zorionekoa Jaunari begirune deutsona.

V/.   Zorionekoa Jaunari begirune deutsona
eta haren bideetan dabilena!
Zeure lanaren frututik dozu jango,
zoriontsu izango zara eta ondo jatzu joango. R/.

V/.   Emaztea mahatsondo emonkorraren antzeko
zure etxe barruan;
seme-alabak olibondo-kimuen antzeko
zure mahai inguruan. R/.

V/.   Hara zelan izango dan bedeinkatua
Jaunari begirune deutsona!
Bedeinkatu zagizala Jaunak Siondik,
gozatu zaitezala Jerusalemen zorionaz
zeure bizitzako egun guztietan. R/.

 

II. Irakurgaia

Ez zagiezala Jaunaren egunak
lapurrak lez harrapatu.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ts 5, 1-6

    Senideok: Jaunaren etorrera noiz eta zelan izango dan ez dozue nik idatzi beharrik; zeuek dakizue nahiko ondo Jaunaren eguna lapurra gauez lez etorriko dana.
    «Bakea eta nasaitasuna» esaten diharduenean, orduan uste barik etorriko jake hondamendia gainera, umedun dagoanari erdiminak lez, eta ez dabe ihes egiterik izango. Zuek, ostera, senideok, ez zarie ilunpean bizi, egun horrek lapurrak lez harrapatzeko zorian; guztiok argiaren eta egunaren seme-alaba zarie. Ez gara gauarenak, ez ilunarenak. Beraz, ez daigun lorik egin besteek lez; gagozan erne, eta izan gaitezan neurritsu.

Jaunak esana.

          

Aleluia

Jn 15, 4a. 5b

R/.   Aleluia.

V/.   Zagoze Nigan, Ni zuengan lez, dino Jaunak;
        norbait Nigan badago,
        horrek frutu asko emongo dau. R/.

 

Ebanjelioa

          Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

Gauza txikian leial izan zaralako,
sartu zeure nagusiaren jaia ospatzera.

✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 25, 14-30

    Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen ikasleei: «Gizon batek, urrutira joaterakoan, bere morroiei dei egin eta bere ondasunak itzi eutsezan. Bati bost talentu emon eutsozan, beste bati bi, beste bati bakarra; bakotxari bere trebetasunaren arabera. Eta gero joan egin zan. Bost talentu hartu zituana hareekin lanean hasi zan behingoan, eta beste bost irabazi zituan. Bi hartu zituanak be gauza bera egin eban, eta beste bi irabazi zituan. Bat hartu ebanak, ostera, lurrean zuloa egin eta bertan gorde eban bere nagusiaren dirua.
    Handik luzarora, etorri zan morroi hareen nagusia, eta kontuak garbitzen hasi jaken. Hurreratu zan bost talentu hartu zituana, eta beste bost eroan eutsozan, esanez: “Jauna, bost talentu itzi zeunstazan; begira, beste bost irabazi dodaz”. Nagusiak esan eutson: “Ederto, morroi zintzo eta jatorra! Gauza txikian zintzoa izan zaralako, askoren buruzagi egingo zaitut; sartu zeure nagusiaren jaia ospatzera”.
    Hurreratu zan talentu bi hartu zituana, eta esan eutson: “Jauna, talentu bi itzi zeunstazan; begira, beste bi irabazi dodaz”. Nagusiak esan eutson: “Ederto, morroi zintzo eta jatorra! Gauza txikian zintzo izan zaralako, askoren buruzagi egingo zaitut; sartu zeure nagusiaren jaia ospatzera”.
    Azkenean, hurreratu zan talentu bat hartu ebana, eta esan eutson: “Jauna, banekian gizon zorrotza zarana; erein ez dozun lekuan hartzen, eta zabaldu ez dozun lekuan batzen dozuna. Halandaze, bildurrez joan nintzan, eta lurpean gorde neban zure talentua. Hemen dozu zeurea!”
    Nagusiak erantzun eutson: “Morroi txar eta alper hori! Bahekian jakin, erein ez dodan lekuan hartzen dodana nik, eta zabaldu ez dodan lekuan batzen. Horregaitik, nire dirua diru-trukalariei itzi behar heutsen, nik, etortzean, irabazi eta guzti jaso nengian. Kendu eiozue, bada, talentu hori, eta emon hamar dituanari. Ze dauanari emon egingo jako, eta gainezka izango dau; ez daukanari, barriz, daukana be kendu egingo jako. Eta morroi alper handi hori bota kanpoko ilunpera. Han izango da negarra eta hagin-karraskada!”»

Jaunak esana.


          Ebanjelioa era laburrean.

Gauza txikian leial izan zaralako,
sartu zeure nagusiaren jaia ospatzera.

 ✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 25, 14-15. 19-21

    Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen ikasleei: «Gizon batek, urrutira joaterakoan, bere morroiei dei egin eta bere ondasunak itzi eutsezan. Bati bost talentu emon eutsozan, beste bati bi, beste bati bakarra; bakotxari bere trebetasunaren arabera. Eta gero joan egin zan.
    Handik luzarora, etorri zan morroi hareen nagusia, eta kontuak garbitzen hasi jaken. Hurreratu zan bost talentu hartu zituana, eta beste bost eroan eutsozan, esanez: “Jauna, bost talentu itzi zeunstazan; begira, beste bost irabazi dodaz”. Nagusiak esan eutson: “Ederto, morroi zintzo eta jatorra! Gauza txikian zintzoa izan zaralako, askoren buruzagi egingo zaitut; sartu zeure nagusiaren jaia ospatzera”.

Jaunak esana.


 


uz-32-a


URTEAN ZEHARREKO XXXII. DOMEKA

A urtean

I. Irakurgaia 

Nekerik barik aurkitzen dabe jakituria
haren bila dabiltzanek.

 Jakituria liburutik

Jkt 6, 12-16

    Argitsua da jakituria, amatatu ezina haren distira;
nekerik barik ikusten dabe maite dabenek,
baita aurkitzen be haren bila dabiltzanek.
Gogo biziz gura dabenei, aurrea hartzen deutse
eta bere burua ezagutzera emoten.
Haren bila goiz-goizetik doanak ez dau nekerik izango,
ate ondoan aurkituko dau-eta jesarrita.
Haretaz gogoeta egitea da zuhurtasunik handiena;
harengaitik gaua iratzarrik emoten dauana
laster izango da kezkarik barik,
izan be jakituria bera ibiltzen da-eta hara eta hona
beraren duin diranen bila;
onginahiz agertzen jake bideetan
eta euren gogoeta bakotxean aurkezten.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 63 [62], 2. 3-4. 5-6. 7-8 (R/. ik. 2c)


R/.   Zure egarriz daukat gogoa, Jauna, ene Jainkoa.

V/.   Jainko, Zu nire Jainko,
goizetik nabilkizu bila,
zure egarriz daukat gogoa,
zure gogo biziz ni nazan guztia,
lur idor, agor, ur bakoa bezala. R/.

V/.   Holan egon nahi dot santutegian Zuri begira,
zure indarra eta ospea ikusiz.
Bizia baino ederragoa da-eta zure maitasuna,
goratuko zaitue nire ezpanek. R/.

V/.   Holan nahi zaitut bedeinkatu neure bizitzan,
eskuak jaso zure izenean.
Jakirik gozoenez lez naz asetuko,
eta nire ezpanek poz-oihuz zaitue goratuko. R/.

V/.   Gauez ohean Zu zaitut gogoan,
Zuri otoitzean igarotzen ditut orduak,
Zeu izan zaitut-eta laguntzaile;
pozez egingo dot oihu zure hegoen kerizpean. R/.

 

II. Irakurgaia          

          II. irakurgai hau era laburrean ik. honen ondoren.

Jesusegaz bat eginik hil diranak
Jainkoak beragaz hartuko ditu.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ts 4, 13-18

    Senideok: Ez dogu nahi hildakoen zoriaz zuek ezjakinean egoterik, atsekabetu ez zaitezen, itxaropenik ez dabenen antzera. Jesus hil eta biztu zala benetan sinisten badogu, era berean, Jesusegaz bat eginik hil diranak be Jainkoak beragaz hartuko ditu.
    Hau dinotsuegu Jaunaren berban oinarrituta: guk, Jauna etortzean bizirik izango garanok, ez deutsegu hil diranei aurrea hartuko. Izan be, goiaingeruaren oihuz eta Jainkoaren turuta-hotsez seinalea emonik, Jauna bera jatsiko da-eta zerutik, eta lehenengo, Kristogaz bat eginik hildakoak biztuko dira; gero geu, artean bizirik izango garanok, hareekin batera eroango gaitue hodeietan, airean, Jaunagaz alkartzera. Eta holan, beti Jaunagaz egongo gara. Adoretu egizue, beraz, alkar berba honeekin.

Jaunak esana.

 


          II. irakurgaia era laburrean.

Jesusegaz bat eginik hil diranak
Jainkoak beragaz hartuko ditu.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ts 4, 13-14

    Senideok: Ez dogu nahi hildakoen zoriaz zuek ezjakinean egoterik, atsekabetu ez zaitezen, itxaropenik ez dabenen antzera. Jesus hil eta biztu zala benetan sinisten badogu, era berean, Jesusegaz bat eginik hil diranak be Jainkoak beragaz hartuko ditu.

Jaunak esana.



Aleluia

Mt 24, 42a. 44

R/.   Aleluia.

V/.   Zagoze erne,
        gitxien uste dozuen orduan
        etorriko jatzue-eta Gizonaren Semea. R/.

 

Ebanjelioa

Badator senargaia; urten eiozue bidera!

✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 25, 1-13

    Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen ikasleei: «Zeruetako erreinuagaz, euren kriseiluak eskuetan hartu eta senargaiari bidera urten eutsoen hamar neskatilakaz lez gertatzen da. Neskatiletariko bost zentzunbakoak ziran eta bost zentzundunak. Kriseiluak hartzean, zentzunbakoek ez eben oriorik hartu; zentzundunek, ostera, kriseiluekin batera orioa be hartu eben ontzietan. Senargaiak luzatu egiten ebanez, loguratu egin ziran danak eta loak hartu zituan.
    Gauerdian oihu bat entzun zan: “Badator senargaia; urten eiozue bidera!” Jagi ziran neskatila guztiak, eta euren kriseiluak prestatu ebezan. Orduan, zentzunbakoek esan eutsien zentzundunei: “Emoiguzue orio apur bat, kriseiluak amatatzera joakuz-eta”. Zentzundunek erantzun eutsien: “Ea ez dogun nahikoa geuretzat eta zuentzat; hobe dozue, badaezpada, dendara joan eta erosi”.
    Baina, erostera joanak zirala, senargaia heldu zan, eta prest ziranak ezteguetara sartu ziran harekin. Eta atea itxi eben.
    Heldu ziran, azkenik, beste neskatilak be eta dei egin eben: “Jauna, Jauna, edegi!” Baina harek erantzun eutsen: “Benetan dinotsuet, ez dakit nor zarien”.
    Egon, beraz, gertu, ze ez dakizue, ez eguna, ez ordua».

Jaunak esana.

 


uz-31-a

 


URTEAN ZEHARREKO XXXI. DOMEKA

A urtean

I. Irakurgaia

Okertu egin zarie bidetik
eta asko eta asko jausiarazo dozue zeuen irakaspenaz.

Malakiasen Profezia liburutik

Ml 1, 14b–2, 2b. 8-10

    «Errege handia naz Ni –dino Jaun ahalguztidunak–, eta begirune deutsoe herriek nire izenari. Orain, abadeok, hona hemen zuentzako oharpena: Entzun nahi ez badozue eta nire izenari aintza emoteko ardurarik ez badozue –dino Jaun ahalguztidunak–, madarikazinoa bialduko dot zuen gainera.
    Zuek, abadeok, okertu egin zarie bidetik eta asko eta asko jausiarazo dozue zeuen irakaspenaz. Hausi egin dozue Nik Lebigaz neban ituna –dino Jaun Ahalguztidunak–. Horregaitik, Nik be mespretxagarri eta kaxkar egingo zaituet herri guztiarentzat, nire bideak jarraitu ez dozuezalako eta erabagiak nor zein dan begiratuz hartu dozuezalako.
    Ez ete dogu guztiok Aita bat bera? Ez ete gaitu guztiok Jainko berak egin? Zertan gabiltz, bada, alkar engainatzen, Jainkoak gure gurasoekin egin eban ituna hausiz?»

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 131 [130], 1. 2. 3

 

R/.   Zaindu egizu nire bizia bakean zeuregan, Jauna.

V/.   Jauna, nire bihotza ez da handinahi,
ez nire begiak be gorazale;
ez nabil gauza handien atzetik,
gainditzen naben harrigarrien atzetik. R/.

V/.   Ostera, isil eta bare dot barruan gogoa,
umetxua amaren altzoan lez,
umetxua lez dot barruan gogoa. R/.

V/.   Itxaron, Israel, Jaunagan,
Oraindik betira arte! R/.

 

II. Irakurgaia

Prest ginan, Jainkoaren Barri Ona ez ezik,
baita geure bizia be zuei emoteko.

 San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ts 2, 7b-9. 13

    Senideok: Maitasun samurrez jokatu genduan zuekin, bere umeak maitekiro zaintzen dituan amak lez.
    Hain bihotzeko zindueguzanez, prest ginan, Jainkoaren Barri Ona ez ezik, baita geure bizia be zuei emoteko. Hainbesteraino maite zindueguzan! Senideok, izan gogoan gure nekeak eta ahaleginak; gau eta egun egin genduan lan zuetako inorentzat karga ez izateagaitik, Jainkoaren Barri Ona iragarri geuntsuenean.
    Horregaitik, eskerrak emoten deutsaguz eten barik Jainkoari; izan be, haren hitza iragarri geuntsuenean, onartu zenduen, ez giza hitz huts lez, Jainkoaren hitz lez baino; halan da, izan be, eta lanean dihardu zuengan, sinisten dozuenongan.

Jaunak esana.

       

Aleluia

Mt 23, 9b. 10b

R/.   Aleluia.

V/.   Bakarra da zuen Aita, zerukoa,
        eta bakarra zuen gidaria, Kristo. R/.

 

Ebanjelioa

Esan, esaten dabe; baina egiten ez.

✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 23, 1-12

    Aldi haretan, holantxe egin eutsen berba Jesusek jentetzari eta ikasleei: «Lege-maisuak eta fariseuak Moisesen maisu-aulkian jesarrita dagoz. Egizue, beraz, eta bete hareek esandako guztia; baina ez egin egiten dabena; ze, esan, esaten dabe, baina egiten ez. Karga astunak eta eroan ezinekoak lotzen ditue, eta besteei leporatzen; baina eurek atzamar batez be ez ditue mogitzen. Egiten daben guztia, jenteak ikusteagaitik egiten dabe; zinta zabalak erabiltzen ditue bekokian, eta borlatxu deigarriak mantu barrenean. Afarietan lehenengo jarlekuak, eta sinagogetan aurreaurreko aulkiak maite ditue, plazetan jenteak agur egitea eta guztiek “maisu” deitzea.
    Zuek, ostera, ez itzi inori “maisu” deitzen, ze bakarra da zuen maisua, eta zuek guztiok alkarren senide zarie. Eta ez deitu lurrean inori “aita”, ze bakarra da zuen Aita, zerukoa. Eta ez itzi inori “gidari” deitzen be, ze bakarra da zuen gidaria, Kristo.
    Zuetariko handiena izan bedi zuen zerbitzari. Bere burua goratzen dauana beheratu egingo dau Jainkoak, eta bere burua beheratzen dauana goratu».

Jaunak esana.