URTEAN ZEHARREKO XXXI. DOMEKA
A urtean
I. Irakurgaia
Okertu egin
zarie bidetik
eta asko eta
asko jausiarazo dozue zeuen irakaspenaz.
Malakiasen Profezia liburutik
Ml 1, 14b–2, 2b. 8-10
«Errege handia naz Ni –dino Jaun
ahalguztidunak–, eta begirune deutsoe herriek nire izenari. Orain, abadeok,
hona hemen zuentzako oharpena: Entzun nahi ez badozue eta nire izenari aintza
emoteko ardurarik ez badozue –dino Jaun ahalguztidunak–, madarikazinoa bialduko
dot zuen gainera.
Zuek, abadeok, okertu egin zarie bidetik eta
asko eta asko jausiarazo dozue zeuen irakaspenaz. Hausi egin dozue Nik Lebigaz
neban ituna –dino Jaun Ahalguztidunak–. Horregaitik, Nik be mespretxagarri eta
kaxkar egingo zaituet herri guztiarentzat, nire bideak jarraitu ez dozuezalako
eta erabagiak nor zein dan begiratuz hartu dozuezalako.
Ez ete dogu guztiok Aita bat bera? Ez ete
gaitu guztiok Jainko berak egin? Zertan gabiltz, bada, alkar engainatzen,
Jainkoak gure gurasoekin egin eban ituna hausiz?»
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 131 [130], 1. 2. 3
R/. Zaindu egizu nire bizia bakean zeuregan, Jauna.
V/. Jauna, nire bihotza ez da handinahi,
ez
nire begiak be gorazale;
ez
nabil gauza handien atzetik,
gainditzen
naben harrigarrien atzetik. R/.
V/. Ostera, isil eta bare dot barruan gogoa,
umetxua
amaren altzoan lez,
umetxua
lez dot barruan gogoa. R/.
V/. Itxaron, Israel, Jaunagan,
Oraindik
betira arte! R/.
II. Irakurgaia
Prest ginan,
Jainkoaren Barri Ona ez ezik,
baita geure
bizia be zuei emoteko.
San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ts 2, 7b-9. 13
Senideok: Maitasun samurrez jokatu genduan
zuekin, bere umeak maitekiro zaintzen dituan amak lez.
Hain bihotzeko zindueguzanez, prest ginan,
Jainkoaren Barri Ona ez ezik, baita geure bizia be zuei emoteko. Hainbesteraino
maite zindueguzan! Senideok, izan gogoan gure nekeak eta ahaleginak; gau eta
egun egin genduan lan zuetako inorentzat karga ez izateagaitik, Jainkoaren
Barri Ona iragarri geuntsuenean.
Horregaitik, eskerrak emoten deutsaguz eten
barik Jainkoari; izan be, haren hitza iragarri geuntsuenean, onartu zenduen, ez
giza hitz huts lez, Jainkoaren hitz lez baino; halan da, izan be, eta lanean dihardu
zuengan, sinisten dozuenongan.
Jaunak esana.
Aleluia
Mt 23, 9b. 10b
R/. Aleluia.
V/. Bakarra da zuen Aita, zerukoa,
eta
bakarra zuen gidaria, Kristo. R/.
Ebanjelioa
Esan, esaten dabe; baina egiten ez.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 23, 1-12
Aldi haretan, holantxe egin eutsen berba
Jesusek jentetzari eta ikasleei: «Lege-maisuak eta fariseuak Moisesen
maisu-aulkian jesarrita dagoz. Egizue, beraz, eta bete hareek esandako guztia;
baina ez egin egiten dabena; ze, esan, esaten dabe, baina egiten ez. Karga
astunak eta eroan ezinekoak lotzen ditue, eta besteei leporatzen; baina eurek
atzamar batez be ez ditue mogitzen. Egiten daben guztia, jenteak ikusteagaitik
egiten dabe; zinta zabalak erabiltzen ditue bekokian, eta borlatxu deigarriak
mantu barrenean. Afarietan lehenengo jarlekuak, eta sinagogetan aurreaurreko
aulkiak maite ditue, plazetan jenteak agur egitea eta guztiek “maisu” deitzea.
Zuek, ostera, ez itzi inori “maisu” deitzen,
ze bakarra da zuen maisua, eta zuek guztiok alkarren senide zarie. Eta ez deitu
lurrean inori “aita”, ze bakarra da zuen Aita, zerukoa. Eta ez itzi inori
“gidari” deitzen be, ze bakarra da zuen gidaria, Kristo.
Zuetariko handiena izan bedi zuen
zerbitzari. Bere burua goratzen dauana beheratu egingo dau Jainkoak, eta bere
burua beheratzen dauana goratu».
Jaunak esana.