viernes, 27 de septiembre de 2024

uz-34-a

 

Urtean Zeharreko XXXIV. eta azken Domeka

JESU KRISTO GURE JAUNA,
DIRAN GUZTIEN ERREGEA

A urtean

I. Irakurgaia

Zuei, ene ardioi, hau dinotsuet:
Neuk erabagiko dot auzia ardi batzuen eta besteen artean.

Ezekielen Profezia liburutik

Ez 34, 11-12. 15-17

    Hauxe dino Jainko Jaunak: «Ni Neu egingo naz artaldearen kargu, Neu arduratuko haretaz. Artzaina, artaldea sakabanatu jakonean, ardiakaz arduratzen dan lez, halantxe arduratuko naz Ni neure ardiakaz; egun lainotsu eta ilunean sakabanatutako toki guztietatik atarako ditut.
    Nik Neuk larratuko ditut ardiak eta Neuk hartuarazoko deutset atseden –dino Jainko Jaunak–. Ardi galduaren bila joango naz, desbideratua artaldera batuko dot, hanka hausia lotuko, gaixoa indartuko; gizenak eta indartsuak zainduko ditut. Behar dan lez larratuko ditut ardiak».
    Zuei, ene ardioi, hauxe dinotsuet Nik, Jainko Jaunak: «Neuk erabagiko dot auzia ardi batzuen eta besteen artean, aharien eta akerren artean».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 23 [22], 1-3. 5. 6 (R/. 1)


R/.
   Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean.

V/.   Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean;
larre gurietan etzunarazoten nau,
ur-bazter nasaira eroaten
eta indarrak deustaz barritzen;
bide segurutik naroa,
bere izenari ohore eginez. R/.

V/.   Mahaia atontzen deustazu
arerioen begi-bistan;
orioz igurzten deustazu burua,
gainezka dot edontzia. R/.

V/.   Zoriona eta maitasuna ditut lagun,
bizitzako egun guztietan,
eta Jaunaren etxean biziko naz
amaibako egunetan. R/.

 

II. Irakurgaia

Kristok Jainko Aitari erreinua emongo deutsonean,
Jainkoa guztietan guztia izango da.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 15, 20-26. 28

    Senideok: Biztu da Kristo hilen artetik, heriotzatik biztuko diranetan lehen-frutu. Izan be, heriotza gizon baten bidez etorri zan lez, gizon baten bidez etorri da hildakoen biztuera be. Eta Adamegaz daben alkartasunagaitik gizaki guztiak hiltzen diran lez, Kristogaz daben alkartasunagaitik guztiak bihurtuko dira bizira. Baina bakotxa bere sasoian: lehenengo Kristo, lehen-frutua danez; gero, Kristorenak, hau barriro etortzean. Gero, azkena izango da, Kristok, Jainkoaren kontrako nagusitza, aginte eta indar guztiak ezereztu ondoren, Jainko Aitari erreinua emongo deutsonean. Kristok errege izan behar dau-eta, Jainkoak arerio guztiak haren oinazpian ipini arte. Azkena ezereztuko dan arerioa heriotza izango da.
    Jainkoak gauza guztiak menpean jarriko deutsozanean, Semea bera menpean jarriko jako gauza guztiak menpean jarri eutsozanari, eta Jainkoa danetan dana izango da.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Mk 11, 9. 10

R/.   Aleluia.

V/.   Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!
        Bedeinkatua datorren erreinua,
        gure aita Daviden erreinua! R/.

 

Ebanjelioa

Bere errege-aulki ospetsuan jesarriko da,
eta batzuk besteengandik bananduko ditu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 25, 31-46

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gizonaren Semea –eta aingeru guztiak haregaz– aintzaz beterik etortzean, bere errege-  -aulki ospetsuan jesarriko da, eta herri guztiak haren aurrean batuko dabez. Harek batzuk besteakandik banandu egingo ditu, artzainak ardiak ahuntzengandik banatzen dituan lez: ardiak bere eskumaldean ipiniko ditu, eta ahuntzak ezkerraldean.
    Orduan, erregeak esango deutse eskoikoei: “Zatoze, nire Aitaren bedeinkatuok; hartu egizue munduaren sortzetik zuentzat prestaturik dagoan erreinua. Ze gose nintzan, eta jaten emon zeunsten; egarri, eta edaten emon; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoan, eta jantzi egin ninduzuen; gaixorik, eta bisitatu; espetxean, eta ikustera etorri zinien”.
    Orduan, zintzoek erantzungo deutsoe: “Jauna, noiz ikusi zinduguzan goserik, eta emon geuntsun jaten, edota egarri, eta edaten emon? Noiz ikusi zinduguzan arrotz, eta etxean hartu, edota biluzik, eta jantzi? Noiz ikusi zinduguzan gaixorik edota espetxean, eta ikustera joan?”
    Eta erregeak erantzungo deutse: “Bene-benetan dinotsuet: nire senide txikien honeetariko bati egin zeuntsoena neuri egin zeunsten”.
    Gero, esango deutse ezkerrekoei: “Alde nigandik, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestatuta dagoan betiko surtara. Ze gose nintzan, eta ez zeunsten jaten emon; egarri, eta ez zeunsten edaten emon; arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixorik eta espetxean nengoan, eta ez zinien ni ikustera etorri”.
    Hareek erantzungo deutsoe: “Jauna, noiz ikusi zinduguzan goserik edota egarriz, arrotz edota biluzik, gaixorik edota espetxean, eta guk lagundu ez?”
    Harek erantzungo deutse: “Benetan dinotsuet: txikien honeetariko bati egin ez zeuntsoena, neuri ez zeunsten egin”.
    Eta honeek betiko zigorretara joango dira; zintzoak, barriz, betiko bizitzara».

Jaunak esana.