viernes, 27 de septiembre de 2024

uz-02-a

 

URTEAN ZEHARREKO II. DOMEKA

A urtean

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Nazinoen argitzat ezarriko zaitut,
nire salbazinoa lurraren azken mugaraino heldu dadin.

Isaias Profetaren liburutik

Is 49, 3. 5-6

    Jaunak esan eustan:
«Zeu zara nire zerbitzaria, Israel,
zure bidez agertuko dot neure ospea».

Orain honan berba egiten dau Jaunak,
amaren sabelean eratu ninduanak haren zerbitzari izateko,
Jakoben leinuak harengana bihurtuazoteko
eta Israel herria batzeko.
Ohorez jantzi nau Jaunak
eta neure Jainkoa izan dot indar.

    Jaunak esan deust:

«Ez da nahiko zu nire zerbitzari izatea,
Jakoben leinuak berreraikitzeko
eta Israelen bizirik geldituak bihurtuazoteko.
Nazinoen argitzat ezarriko zaitut,
nire salbazinoa lurraren azken mugaraino heldu dadin».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 40 [39], 2 eta 4ab. 7-8a. 8b-9. 10 (R/. ik. 8a eta 9a)

R/.   Hemen nozu, Jauna, zure nahia egin dagidan.

V/.   Jaunagan neban jarria itxaropen guztia,
makurtu eta entzun dau nire oihua.
Kantu barria ipini deust ezpanetan,
gorespen-kanta gure Jainkoarentzat. R/.

V/.   Zuk ez dozu sakrifiziorik eta eskeintzarik nahi izan,
ez erre-oparirik eta pekatuen parkamen-oparirik eskatu;
baina belarriak edegi deustazuz.
Horregaitik dinot: «Hemen nozu». R/.

V/.   Hauxe dago nitaz liburuan idatzita:
egin dagidala zure nahia.
Atsegin dot, ene Jainko,
barru-muinetan dot zure legea. R/.

V/.   Iragarri dot batzar nagusian zure justizia,
ez ditut ezpanak itxi, ondo dakizu, Jauna. R/.

 

II. Irakurgaia

Grazia zuei eta bakea
gure Aita Jainkoagandik eta Jesu Kristo Jaunagandik.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolaren hasiera

1 Ko 1, 1-3

    Nik, Paulok, Jainkoak halan nahirik eta berak deiturik, Jesu Kristoren apostolu nazan honek, eta Sostenes anaiak, Korinton dagoan Jainkoaren eleiz alkarteari: grazia zuei eta bakea gure Aita Jainkoagandik eta Jesu Kristo Jaunagandik.
    Jesu Kristok sagaratu zaitue eta Jainkoak bere herri santu izateko deitu, edozein lekutan Jesu Kristo gure Jaunari dei egiten deutsoen guztiekin batera, honeek eta guk Jaun bat bera onartzen dogu-eta. Grazia zuei eta bakea gure Aita Jainkoagandik eta Jesu Kristo Jaunagandik.

Jaunak esana.

          

Aleluia

Jn 1, 14a. 12a

R/.   Aleluia.

V/.   Hitza haragi egin zan,
        eta geure artean jarri eban bizilekua.
        Onartu eben guztiei
        Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena emon eutsen. R/.

 

Ebanjelioa

Hona hemen Jainkoaren Bildotsa,
hona munduko pekatua kentzen dauana.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 1, 29-34

    Aldi haretan, ikusi eban Joan Bateatzaileak Jesus beragana etortzen eta esan eban: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, hona munduko pekatua kentzen dauana. Beronegaitik esan neban nik: “Badator nire ostean gizon bat, niri aurrea hartu deustana, ze, ni baino lehenagotik bazan”. Neuk be ez neban ezagutzen; baina ni urez bateatzera etorri banaz, bera Israeli agertuazoteko etorri naz».
    Eta autormen hau egin eban Joanek: «Espiritua ikusi dot uso-irudian zerutik jaisten, eta haren gainean gelditzen. Neuk be ez neban ezagutzen; baina urez bateatzera bialdu ninduanak esan eustan: “Espiritua jaisten eta gainean gelditzen jakola ikusten dozuna, haxe da Espiritu Santuaz bateatzen dauana”. Neuk ikusi dot eta autortzen hauxe dala Jainkoaren Semea».

Jaunak esana.