jueves, 26 de septiembre de 2024

uz-23-a

 

URTEAN ZEHARREKO XXIII. DOMEKA

A urtean

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Gaiztoari hitz egiten ez badeutsazu,
zeuri eskatuko deutsut haren heriotzaren kontua.

Ezekielen Profezia liburutik

Ez 33, 7-9

    Honan berba egin eustan Jaunak: «Gizaseme, Israel herriaren begirale izentatu zaitut. Nik esandakoa entzutean, ohartuazo egin behar dozuz nire izenean. Gaiztoren bati hilko dala esaten badeutsat, eta zuk ez badozu ohartuazoten bere jokabidea aldatu dagian, gaiztoa bere erruz hilko da, baina zeuri eskatuko deutsut haren heriotzaren kontua. Ostera, zuk ohartuazoten badozu gaiztoa, bere jokabidea aldatu dagian, eta harek ez badau aldatzen, gaiztoa bere erruz hilko da, baina zuk onik atarako dozu zeure bizia».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 95 [94], 1-2. 6-7c. 7d-9 (R/. 7d. 8a)

R/.   Entzungo ahal dozue gaur Jaunaren berbea:
        «Ez gogortu zeuen bihotza».

V/.   Zatoze, egin deiogun poz-oihu Jaunari,
poz-irrintzi, salbatzen gaituan hatxari.
Aurkeztu gakiozan eskerrak emonez,
egin deiogun jai txaloka eta kantari. R/.

V/.   Zatoze, gurtu daigun ahuspezturik,
belaunikatu gaitezan egin gaituan Jaunaren aurrean.
Bera da-eta gure Jainkoa,
eta gu harek larratutako herria,
haren zainpeko artaldea. R/.

V/.   Entzungo ahal dozue gaur haren ahotsa:
«Ez gogortu bihotza Meriban lez,
Masako egunean basamortuan lez,
tentatu egin ninduen-eta zuen gurasoek,
probatu, Nik eginak ikusi arren». R/.

 

II. Irakurgaia

Maite dauanak osorik betetzen dau legea.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 13, 8-10

    Senideok: Ez izan zorrik inogaz, alkar maitatzekoa baino, izan be lagun hurkoa maite dauanak betea dau-eta legea. Harako «ez egin adulteriorik, ez hil inor, ez ostu, ez inorenik gura izan» eta beste edozein agindu, esaera honetan batzen da: «Maitatu egizu lagun hurkoa zeure burua lez».
    Lagun hurkoa maite dauanak ez deutso gatxik egiten. Maite dauanak, beraz, osorik betetzen dau legea.

Jaunak esana.

 

Aleluia

2 Ko 5, 19

R/.   Aleluia.

V/.   Jainkoak ziharduan Kristogan mundua beragaz adiskidetzen,
        eta guri emon deusku adiskidetzearen mezua. R/.

 

Ebanjelioa

Jaramon egiten badeutsu, irabazi dozu senidea.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 18, 15-20

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Zure senideak pekatu egiten badau, zoaz beragana eta eiozu agiraka bakarrean. Jaramon egiten badeutsu, irabazia dozu senidea. Jaramonik egiten ez badeutsu, barriz, hartu egizuz zeugaz lagun bat edo bi, auzia bi edo hiru lekukoren autorpenaz erabagi behar da-eta. Honeei be jaramonik egiten ez badeutse, esaiozu alkarteari, eta alkarteari be jaramonik egin gura ez badeutso, izan bedi zuretzat jentil edo zergalari baten pareko.
    Benetan dinotsuet: zuek mundu honetan lotua, zeruan be lotuta geldituko da, eta zuek mundu honetan askatua, zeruan be askatuta.
    Beste hau be badinotsuet: zuetariko bik alkar hartzen badabe mundu honetan Jainkoari zeozer eskatzeko, emon egingo deutse zeruko nire Aitak. Izan be, nire izenean bi edo hiru lagun baturik dagozan lekuan, han nago Ni euren artean».

Jaunak esana.