jueves, 26 de septiembre de 2024

uz-22-a

 

URTEAN ZEHARREKO XXII. DOMEKA

A urtean

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Jaunaren hitza irain- eta burla-bide da niretzat.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 20, 7-9

    Liluratu egin nozu, Jauna, eta ni zure lilurapean jausi;
behartu egin nozu eta menperatu.
Barregarri izan naz egun osoan; burlaka dabilkidaz danak.
Hitz egiten dodan bakotxean, garrasi egiteko da;
indarkeria eta zapalkuntza salatuz dei egin beharra dot;
Jaunaren hitza irain eta burla-bide da niretzat egun guztian.
Hau ninoan neure kautan: «Gogoratu be ez dot egingo;
ez dot gehiago haren izenean berba egingo».
Baina, orduan, sua lako zeozer sumatzen neban barruan;
hazurretaraino erretzen ninduan;
ahalegintzen nintzan ha itotzen, baina ezin!

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 63 [62], 2. 3-4. 5-6. 8-9 (R/. ik. 2c)

R/.   Zure egarriz daukat gogoa, Jauna, ene Jainkoa.

V/.   Jainko, Zu ene Jainko,
goizetik nabilkizu bila,
zure egarriz daukat gogoa, zure gogo biziz ni nazan guztia,
lur idor, agor, ur bakoa lez. R/.

V/.   Holan egon nahi dot santutegian Zuri begira,
zure indarra eta ospea ikusiz.
Bizia baino ederragoa da-eta zure maitasuna,
goratuko zaitue nire ezpanek. R/.

V/.   Holan nahi zaitut bedeinkatu neure bizitzan,
eskuak jaso zure izenean.
Jakirik gozoenez lez naz asetuko,
eta nire ezpanek poz-oihuz zaitue goratuko. R/.

V/.   Zeu izan zaitut-eta laguntzaile;
pozez egingo dot oihu zure egoen kerizpean.
Zuri lotuta nago osorik,
eta zure eskumeak deust eusten. R/.

 

II. Irakurgaia

Eskeini egizue zeuen burua opari bizi.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 12, 1-2

    Senideok: Jainkoaren errukiagaitik eskatzen deutsuet eskeini dagizuela zeuen burua opari bizi, santu eta Jainkoarentzat atsegingarri; hori da egiazko zuen gurtza. Ez egokitu mundu honen eretxietara, erabarritu zaiteze, ostera, zeuen pentsakerea aldatuz; holan bereiztu ahal izango dozue zer dan Jainkoak nahi dauana, zer dan ona, atsegingarri jakona eta bikaina.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ik. Ef 1, 17-18

R/.   Aleluia.

V/.   Jesu Kristo gure Jaunaren Aitak
        argitu dagizala gure barruko begiak,
        jakin daigun zer itxarotera dei egin deuskun. R/.

 

Ebanjelioa

Nire ondoren etorri nahi dauanak
uko egin begio bere buruari.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 16, 21-27

    Aldi haretan, Jesus ikasleei azaltzen beharrezko zala berak Jerusalemera igotzea, eta han asko sufridu beharra ebala abadeburuen eta lege-maisuen aldetik; hil egingo ebela eta hiru egunen buruan biztuko zala. Orduan, Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi jakon: «Ezelan be ez, Jauna! Ez jatzu holakorik gertatuko!»
    Baina Jesusek, bihurturik, esan eutson Pedrori: «Alde nire ondotik, Satanas! Oztopo zara Niretzat, ze zure asmoak ez dira Jainkoarenak, gizakiarenak baino».
    Jesusek esan eutsen, gainera, ikasleei: «Nire ondorik etorri gura dauanak uko egin deiola bere buruari, hartu begi bere kurutzea eta jarraitu beist. Izan be, bere bizia gorde gura dauanak galdu egingo dau; bere bizia Nigaitik galtzen dauanak, ostera, eskuratu egingo dau.
    Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen badau? Eta zer emon leike gizakiak bizia barriro eskuratzeko? Izan be, Gizonaren Semea bere Aitaren aintzaz beterik etorriko da aingeruakaz eta orduan bakotxari bere jokabidearen arabera ordainduko deutso».

Jaunak esana.