jueves, 26 de septiembre de 2024

uz-19-a

 

URTEAN ZEHARREKO XIX. DOMEKA

A urtean

(Fray MARCOS)

I. Irakurgaia

Zagoz zutunik mendian, Jaunaren aurrean.

Erregeak lehenengo liburutik        

1 Erg 19, 9a. 11-13a

    Egun hareetan, Elias Horebera, Jainkoaren mendira, etorri eta hango hartzulo baten gelditu zan. Jaunak esan eutson: «Urten eta zagoz zutunik mendian, Jaunaren aurrean; Jauna igaroko da».
    Jaunaren aurretik haize zakar indartsuak jo eban, mendiak urratzen eta harkaitzak zartatzen ebazala; baina Jauna ez egoan haizean. Haizearen ondoren, lurrikara izan zan; baina Jauna ez egoan lurrikaran. Lurrikararen ondoren sua; baina Jauna ez egoan suan. Suaren ondoren haize fin baten hotsa.
    Entzun ebanean, Eliasek aurpegia estaldu eban soingainekoaz; gero, urten eta zutunik gelditu zan hartzulo aurrean.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 85 [84], 9ab eta 10. 11-12. 13-14 (R/. ik. 8)

 

R/.   Jauna, zeure onginahia erakutsi eiguzu,
        zeure salbamena emoiguzu.

V/.   Entzungo dot Jainkoak dinoana:
Jaunak bakea agintzen deutse bere herriari eta fededunei.
Hurrean dabe salbazinoa begirune deutsoenek;
bai, gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza. R/.

V/.   Maitasunak eta leialtasunak alkar dabe aurkitzen,
justiziak eta bakeak alkar besarkatzen.
Leialtasuna lurretik da ernetzen,
justizia zerutik jaisten. R/.

V/.   Jaunak emongo dau euria,
eta gure lurrak ekarriko bere uzta.
Haren aurretik joango da justizia,
haren pausuei jarraituko deutse ongizateak. R/.

 

II. Irakurgaia

Madarikatua izatea be onartuko neuke,
nire odoleko senideen onerako.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 9, 1-5

    Senideok: Egia dinot –Kristo dot lekuko–, ez dinot guzurrik; neure konzientziak be, Espiritu Santuak argituta, halan autortzen deust: handia da nire nahigabea, etenbakoa nire bihotzeko mina.
    Ni neu madarikatua, Kristogandik aldendua, izatea be onartuko neuke, hori nire odoleko senideen onerako balitz. Israelen ondorengoak dira eta Jainkoak seme-alabatzat hartu ebazan; eurek dabez Jainkoaren presentzia aintzatsua, itunak, legea, kultua eta agintzariak; eurenak dira asabak eta, giza jatorriari dagokionez, eurengandik dator Kristo, gauza guztien gainetik dagoan Jainkoa. Bedeinkatua izan bedi gizaldietan. Amen.

Jaunak esana.

       

Aleluia

Sal 130 [129], 5

R/.   Aleluia.

V/.   Jaunaren zain nago,
        haren hitza dot itxaroten. R/.

 

Ebanjelioa

Agindu egidazu ur gainean Zeugana joateko.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 14, 22-33

    Jentea ase ondoren, ontzian sartuazo zituan Jesusek bere ikasleak eta bere aurretik bestaldera joateko agindu eutsen, berak jenteari agur egin bitartean. Jentea bialdu eta gero, mendira igon eban Jesusek berak bakarrik, otoitz egitera. Ilundu ebanean, han egoan bakarrik. Txalupa, ordurako, lehorretik urrun joian, olatuek astindua, haizea kontra eban-eta.
    Goizaldera, Jesus hareengana joan zan, ur gainean oinez. Ikasleak, ur gainean ibiltzen ikusi ebenean, ikaratu egin ziran, mamuren bat zalakoan, eta bildurraren bildurrez deadarka hasi ziran. Baina Jesusek behingoan egin eutsen berba: «Izan bihotz! Neu naz; ez bildur izan!» Orduan Pedrok esan eutson: «Jauna, benetan Zeu bazara, agindu eidazu ur gainean Zeugana joateko». Jesusek erantzun: «Zatoz!»
    Pedro ontzitik jatsi eta Jesusengana abiatu zan, ur gainean oinez. Baina, haizearen indarra igartzean, bildurra sartu jakon eta, urperatzen hasirik, deadar egin eban: «Jauna, salbatu nagizu!» Behingoan Jesusek eskua emon eta heldu egin eutson, esanez: «Sinismen gitxiko hori! Zergaitik izan dozu zalantza?»
    Ontzira igon ebenean, haizea gelditu egin zan. Eta ontzian egozanak Jesusen aurrean ahuspez jarri ziran, esanez: «Benetan be Jainkoaren Semea zara Zu!»

Jaunak esana.