jueves, 26 de septiembre de 2024

uz-11-a


URTEAN ZEHARREKO XI. DOMEKA

A urtean

(PPTX

 (Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Abade-erreinu izango zaituet eta Neuri sagaratutako herri.

Urteera liburutik

Ur 19, 2-6a

    Egun hareetan, israeldarrek Sinai basamortura heldu eta han ipini eben kanpalekua, mendiaren aurrez aurre.
    Jainkoagana igon eban Moisesek. Jaunak menditik dei egin eta esan eutson: «Hitz egin Jakoben ondorengoei, israeldarrei, eta adierazo hau: "Ikusi dozue zer egin deutsedan egiptoarrei, eta zuek zelan eroan zaituedan arrano-hegoetan eta Neugana ekarri. Orain, beraz, nire esana betetzen badozue eta nire ituna gordetzen, zeuok izango zaituet herri guztien artean neure jaubetza berezia, nirea da-eta lur osoa; abade-erreinu izango zaituet eta Neuri sagaratutako herri"».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 100 [99], 2. 3. 5 (R/. 3c)

 

R/.   Jaunaren herri gara eta haren larreko artalde.

V/.   Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
zerbidu egizue Jauna pozaren pozez,
sartu zaiteze oihu alaiz haren aurrera. R/.

V/.   Jakizue Jauna dala Jainkoa,
harek egin gaitu, harenak gara,
haren herri eta haren larreko artalde. R/.

V/.   «Ona da-eta Jauna,
haren maitasuna betikoa,
haren leialtasuna gizaldiz gizaldikoa». R/.

 

II. Irakurgaia

Jainkoak beragaz adiskidetu baginduzan
bere Semearen heriotzari esker,
zenbatez gehiago ez ete gaitu salbatuko haren biziari esker!

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 5, 6-11

    Senideok: Oraindino pekatupean indar barik gengozala, Kristo, Jainkoak erabagitako sasoian, gaiztoen alde hil zan. Nekez onartuko leuke norbaitek pertsona zuzen baten alde hiltzea; halan be, pertsona on baten alde badaiteke norbait hiltzeko prest egotea.
    Baina Kristo, ondino gu pekatari ginala, hil zan gure alde; honan erakusten dau Jainkoak guri deuskun maitasuna.
    Orain Jainkoak Kristoren odolaz zintzotzat hartu gaituala, zenbatez gehiago ez ete gaitu salbatuko zigorretik beraren bitartez!
    Arerio ginala, Jainkoak beragaz adiskidetu baginduzan bere Semearen heriotzari esker, zenbatez gehiago, behin adiskidetu ezkero, ez ete gaitu salbatuko haren biziari esker! Askoz gehiago, harrotu be egiten gara Jainkoaz Jesu Kristo gure Jaunari esker, honen bitartez Jainkoagaz adiskidetzea lortu dogu-eta dagoeneko.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Mk 1, 15

R/.   Aleluia.

V/.   Hurrean da Jainkoaren erregetza, dino Jaunak:
        bihotz-barritu zaiteze eta sinistu Barri Ona. R/.

 

Ebanjelioa

Jesusek bere hamabi ikasleei dei egin
eta bialdu egin ebazan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 9, 36–10, 8

    Aldi haretan, jentetza ikustean, erruki izan eban Jesusek, nekatua eta lur jota egoan ha jentea, artzainik bako ardiak lez. Orduan, ikasleei esan eutsen: «Uzta ugaria da, baina langileak gitxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari, bialdu dagizan beharginak bere uztara».
    Jesusek, hamabi ikasleei dei eginik, ahalmena emon eutsen espiritu txarrak botatzeko eta gatx eta gaixotasun guztiak osatzeko.
    Hona hemen hamabi apostoluen izenak: lehenengo Simon, Pedro deritxona, eta honen anaia Andres; Santiago Zebedeorena eta honen anaia Joan; Felipe eta Bartolome, Tomas eta Mateo zergalaria, Santiago Alfeorena eta Tadeo, Simon Zelote eta Judas Iskariote, Jesus saldu ebana.
    Hamabi horreek bialdu zituan Jesusek, ohar honeek eginez: «Ez joan jentilen lurraldeetara, ez sartu Samariako herrialdean be, ezpada ze zoaze Israel herriko ardi galduetara. Bidean zoazeela, iragarri hurrean dala zeruetako erreinua. Osatu egizuez gaixoak, biztu hildakoak, garbitu legenardunak, bota deabruak. Hutsean hartu dozue, emon hutsean.

Jaunak esana.