jueves, 26 de septiembre de 2024

uz-12-a

(.PPTX)

URTEAN ZEHARREKO XII. DOMEKA

A urtean

(Fray MARCOS)

I. Irakurgaia

Harek askatu dau gaiztoaren eskutik
behartsuaren bizia.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 20, 10-13

    Honan berba egin eban Jeremiasek:
«Jentearen amenazuak entzuten ditut,
bildur-ikara nonahi:
"Salatu, salatu dagigun".
Adiskideak eurak be begira ditut, nik noiz huts egingo:
"Ea engainatzen dogun, dinoe;
orduan menperatuko dogu eta mendekua hartuko".

Baina neugaz dot Jauna, gudari indartsu;
jausiko dira nire arerioak, ezin izango nabe garaitu;
hareen asmoek porrot egingo dabe,
hareen lotsa sekulakoa izango da, ahaztuezina betiko.
Jaun ahalguztiduna, zuzen aztertzen dozuna,
gizakiaren buru-bihotzak ikusten dituzuna,
zure esku itzi dot neure auzia:
ikusiko ahal dot zure mendekua arerioen gain!

Kanta Jaunari, goratu egizue Jauna,
harek askatu dau-eta gaiztoen eskutik behartsuaren bizia».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 69 [68], 8-10. 14 eta 17. 33-35 (R/. 14c)


R/.   Erantzun, ene Jainko, zeure maitasun handiaz.

V/.   Zugaitik jasan ditut irainak,
Zugaitik lotsaz gorritua dot aurpegia.
Arrotz geratu naz neure senideentzat,
ezezagun neure amaren seme-alabentzat.
Zure tenpluaren maiteminak erretzen nau,
eta gainera datorkidaz Zuri egindako irainak. R/.

V/.   Baina nik Zuri dagitsut otoitz;
mesede-sasoia dozu, Jauna.
Erantzun, ene Jainko, zeure maitasun handiaz,
zeure salbazino leialaz.
Erantzun, Jauna, samurra da-eta zure maitasuna,
bihurtu nigana begiak zeure erruki handiaz. R/.

V/.   Ikusi egizue, apalok, eta poztu,
izan bihotz, Jainkoaren bila zabiltzenok.
Izan be, entzuten deutse Jaunak behartsuei,
ez ditu gitxiesten berari lotuak.
Goratu begie zeru-lurrek,
itsasoak eta bertan bizi diran guztiek. R/.

 

II. Irakurgaia

Jainkoaren dohaiagaz
ez da pekatuagaz lez jazotzen.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 5, 12-15

    Senideok: Gizon baten bidez sartu zan pekatua munduan, eta pekatuaren bidez heriotza; holan, heriotza gizaki guztiengana zabaldu zan, guztiek egin ebelako pekatu. Egia da legea baino lehen bazala pekatua munduan; baina pekatua ez jako inori ezartzen, legerik ez badago. Halan be, Adamengandik Moisesenganaino nagusi izan zan heriotza gizakien gain, baita Adamen hutsegitearen antzeko pekaturik egin ez ebenen gain be. Adam etortzekoa zanaren irudi da.
    Baina Jainkoaren dohaiagaz ez da pekatuagaz lez jazotzen. Izan be, gizon bakar baten pekatuaz danak hil badira be, askoz ugariago zabaldu da danentzat Jainkoaren grazia eta dohaia, beste gizon bakar bati esker, Jesu Kristori esker, hain zuzen be.

Jaunak esana.

          

Aleluia

Jn 15, 26b. 27a

R/.   Aleluia.

V/.   Egiaren Espirituak autormen egingo dau nire alde,
        dino Jaunak,
        eta zuek be egingo dozue autormen. R/.

 

Ebanjelioa

Ez izan bildurrik gorputza hiltzen dabenei.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 10, 26-33

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen apostoluei: «Ez izan jentearen bildur! Egon be, ez dago ezer gordeta agertuko ez danik, ezta ezer ezkutuan be jakingo ez danik. Gaueko ilunpean esaten deutsuedana esan zuek egun-argitan, eta belarrira entzuten dozuena iragarri etxe-gainetatik. Ez izan bildurrik gorputza hil bai, baina bizia kendu ezin dabenei; izan bildur, gorputza ez ezik, pertsona osoa be infernuan galdu leikeanari.
    Ez ete dira txori bi txanpon baten saltzen? Halan be, ez da bat bakarra be lurrera jausten zuen Aitaren baimenik barik. Zuen buruko uleak be zenbatuta ditu Jainkoak. Ez, bada, bildur izan; txori guztiek baino gehiago balio dozue zuek.
    Jentearen aurrean autortzen nauana autortuko dot Neuk be zeruko neure Aitaren aurrean; baina jentearen aurrean ukatzen nauana ukatu egingo dot Neuk be zeruko neure Aitaren aurrean».

Jaunak esana.