jueves, 26 de septiembre de 2024

uz-09-a

 URTEAN ZEHARREKO IX. DOMEKA

A urtean

I. Irakurgaia

Hara, aukeran jartzen deutsuedaz gaur
bedeinkazinoa eta madarikazinoa.

Deuteronomioa liburutik

Dt 11, 18. 26-28. 32

    Honan berba egin eutson Moisesek herriari: «Ezarri nire hitz honeek zeuen buru-bihotzetan; lotu egizuez seinale lez eskumuturrean eta oroigarri lez bekokian.
    Hara, aukeran jartzen deutsuedaz gaur bedeinkazinoa eta madarikazinoa; bedeinkazinoa, gaur nik emoten deutsuedazan Jaunaren, zeuen Jainkoaren, aginduak onartzen badozuez; madarikazinoa, Jaunaren, zeuen Jainkoaren, aginduak onartzen ez badozuez, eta gaur nik erakusten deutsuedan bidetik aldentzen bazarie, ezagutzen ez dozuezan jainko arrotzei jarraituz». Ahalegindu zaiteze, beraz, arretaz, gaur emoten deutsuedazan lege eta erabagi guztiak betetzen.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 31 [30], 2-3b. 3c-4. 17 eta 25 (R/. ik. 3b)

R/.   Izan zakidaz harkaitz, Jauna, ni gordetzeko.

V/.   Zugan babesten naz, Jauna,
ez nadila behin be lotsatuta geratu;
atara nagizu onik, zuzena zara-eta.
Makurtu egidazu belarria,
bizkor, libratu nagizu! R/.

V/.   Izan zakidaz harkaitz babesle,
gaztelu salbatzaile.
Zeu zaitut-eta neure hatx eta gaztelu,
zeure izenaren ohorez eroan nagizu eta gidatu. R/.

V/.   Erakutsi aurpegi argia zerbitzari honi,
salbatu nagizu zeure maitasunaz.
Eutsi gogor, izan bihotz,
Jaunagan itxaroten dozuen guztiok! R/.

 

II. Irakurgaia

Fedeagaitik hartzen ditu zintzotzat Jainkoak gizon-emakumeak,
eta ez legea betetzeagaitik.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 3, 21-25a. 28

    Senideok: Orain, legea alde batera itziz agertu dau Jainkoak bere salbazino-indarra, Moisesen legeak eta profetek adierazoa. Jainkoaren salbazino-indar hau Jesu Kristoganako sinismenaren bidez heltzen da fededun guztiengana. Jainkoak ez dau bereizketarik egiten, guztiek egin ebelako pekatu eta Jainkoaren aintzarik barik aurkitzen diralako. Baina Jainkoak bere onginahiaz eta dohai hutsez hartzen ditu zintzotzat, Jesu Kristoren bidez burutu dauan askapenari esker.
    Jesu Kristok bere odola isuri eban, eta Jainkoak parkamen-bide egin dau Kristo harengan sinisten dabenentzat. Ziur dakigu-eta fedeagaitik hartzen dituala zintzotzat Jainkoak gizon-emakumeak, eta ez legea betetzeagaitik.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Jn 15, 5

R/.   Aleluia.

V/.   Neu naz mahatsondoa eta zuek aihenak, dino Jaunak;
        norbait Nigan badago, Ni harengan lez,
        horrek frutu asko emongo dau. R/.

 

Ebanjelioa

Hatx gainean eraikitako etxea,
eta hondar gainean eraikitakoa.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 7, 21-27

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ez da nahiko Niri "Jauna, Jauna” esatea zeruetako erreinuan sartzeko; hau da beharrezkoa: zeruan dagoan nire Aitaren nahia egitea. Epai-egunean askok esango deust: “Jauna, Jauna, ez ete genduan zure izenean berba egin eta zure izenean deabruak bota eta zure izenean mirari asko egin?” Baina Nik erantzungo deutset: “Ez zaituet inoiz ezagutu; alde Nigandik, gaizkileok!”
    Beraz, nire berba honeek entzuten eta betetzen dituana bere etxea hatx gainean eregi eban gizon zentzundunaren antzekoa da. Egin eban euria, etorri ziran uriolak, jo eban haizeak eta eraso eutsoen etxe hari; baina ez zan jausi, ze, hatx gainean oinarrituta egoan.
    Nire berba honeek entzun bai, baina betetzen ez dituana, bere etxea hondar gainean eregi eban gizon burubakoaren antzekoa da. Egin eban euria, etorri ziran uriolak, jo eban haizeak eta eraso eutsoen etxe hari; eta jausi egin zan eta guztiz hondatuta gelditu».

Jaunak esana.