jueves, 26 de septiembre de 2024

uz-08-a

URTEAN ZEHARREKO VIII. DOMEKA

A urtean

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Ni ez naz zutaz ahaztuko.

Isaias Profetaren liburutik

Is 49, 14-15

    Sionek esaten eban:
«Baztertua nauka Jaunak, ahaztua nire Jaubeak.
Ahaztu ete daiteke ama bere umetxuaz
edota ukatu ete leikio bere sabeleko umeari errukia?
Bada, ama umeaz ahaztuko balitz be,
Ni ez naz zutaz ahaztuko!»

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 62 [61], 2-3. 6-7. 8-9b (R/. ik. 6a)

R/.   Jainkoagan bakarrik dau atseden nire barruak.

V/.   Jainkoagan bakarrik dau atseden nire barruak,
harengandik datorkit-eta salbazinoa.
Ha bakarrik nire harri eta salbazino,
bera nire gotorleku; ez naz kili-kolo egongo. R/.

V/.   Ene barrua, Jainkoagan bakarrik izan atseden,
harengandik datorkit-eta itxaropena.
Ha bakarrik nire harri eta salbazino,
bera nire gotorleku: ez naz kili-kolo egongo. R/.

V/.   Jainkoagan nire salbazinoa eta ohorea,
Jainkoa nire harkaitz sendoa eta babeslekua.
Izan konfiantza harengan eten barik, haren herri zarienok,
zabaldu hari zeuen bihotza. R/.

 

II. Irakurgaia

Jaunak agertuko ditu bihotzeko asmo gordeak.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 4, 1-5

    Senideok: Hartu gagiezala guztiek Kristoren zerbitzaritzat eta Jainkoaren misterioen administratzailetzat. Eta administratzaileari leiala izatea eskatzen jako.
    Niri dagokidanez, ez deust bape ardura zuek edo edozein giza auzitegik ni epaitzeak. Neuk be ez dot epaitzen neure burua. Egia da kontzientziak ez nauala ezertan salatzen; baina horrek ez dau esan gura neure burua errubakotzat daukadanik, ze Jaunak nau epaitzen.
    Ez dagizuela, beraz, ordua baino lehen epaitu. Itxaron Jauna etorri arte. Harek argituko dau ilunpean ezkutaturik dagoana, harek agertuko bihotzeko asmo gordeak. Eta, orduan, bakotxak merezi dauana jasoko dau Jainkoagandik.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Heb 4, 12

R/.   Aleluia.

V/.   Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eraginkorra,
        eta barruko pentsamentuak eta asmoak aztertzen ditu. R/.

 

Ebanjelioa

Ez kezkatu biharko egunaz.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 6, 24-34

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ezin da inor nagusi biren morroi izan; izan be, bata gorroto izango dau eta bestea maiteko, edota batari leial izango jako eta bestea ez dau aintzat hartuko. Ezin zarie Jainkoaren eta diruaren morroi izan.
    Horregaitik dinotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jango edota gorputza zerez jantziko. Ez ete da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago? Begira zeruko hegaztiei: ez dabe ereiten, ez uztarik batzen, ez garaian pilotzen; halan be, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu. Ez ete dozue zuek hareek baino askoz gehiago balio?
    Asko arduratuta be, zuetariko nork luzatu leike apurtxu bat bizitza? Eta jantziaz, zergaitik arduratu? Begira zelan hazten diran loreak zelaietan: ez dira lanean nekatzen, ez dabe iruten; baina, egia esan, Salomon bera be, bere ospe guztian, ez zan janzten horreetariko bat baizen apain.
    Beraz, gaur bedarlekuan dagoan eta bihar surtan erreko dan bedarra Jainkoak holan janzten badau, zenbat gehiago zuek, sinismen gitxikook? Ez arduratu, bada, zer jango, zer edango, zer jantziko dozuen pentsatuz. Jentilak arduratu ohi dira horreez guztiez. Zeruko zuen Aitak badaki horreen guztien beharra dozuena. Bilatu lehenengo Jainkoaren erreinua eta beronen zuzentasuna, eta gainerako guztia gehigarri emongo deutsue Jainkoak. Ez arduratu, bada, biharko egunaz, ze biharko egunak be ekarriko dau bere ardura. Nahiko ditu egun bakotxak bere buruhausteak».

Jaunak esana.