jueves, 26 de septiembre de 2024

uz-07-a

URTEAN ZEHARREKO VII. DOMEKA

A urtean

(Fray Marcos)

(.pptx

I. Irakurgaia

Maitatu egizu lagun hurkoa zeure burua lez.

Lebitarrak liburutik

Lb 19, 1-2. 17-18

    Jaunak honan berba egin eutson moisesi: «esan israeldarren alkarte osoari: "izan zaiteze santu, ni, Jauna zuen Jainkoa, santua naz-eta.
    Ez izan bihotzean gorrotorik zeure senidearentzat; baina zentzunduazo zeure herritarra, haren pekatuen erantzukizunik izan ez dagizun. Ez egin mendekurik, ez izan erresuminik zeure herritarrarentzat. Maitatu egizu lagun hurkoa zeure burua lez. Neu naz Jauna"».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 103 [102], 1-2. 3-4. 8 eta 10. 12-13 (R/. 8a)


R/.   Bihozbera eta errukiorra da Jauna.

V/.   Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
nire barru osoak haren izen santua.
Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
ez bedi ahaztu haren mesedeaz. R/.

V/.   Erru guztiak deutsuz parkatzen,
gatx guztiak osatzen;
zure bizia hilobitik askatzen dau,
maitasunez eta errukiz koroatzen zaitu. R/.

V/.   Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
hasarregatxa eta onginahiz betea.
Ez gaitu erabiltzen gure pekatuek merezi lez,
ez deusku ordaintzen geure erruen arabera. R/.

V/.   Zelan sortaldea sartaldetik urrun,
halan ditu harek gure hobenak gugandik urruntzen.
Zelan aita seme-alabentzat errukior,
halan Jauna begirune deutsoenentzat bihozbera. R/.

 

II. Irakurgaia

Guztia zuena da. Zuek, ostera, Kristorenak zarie,
eta Kristo Jainkoarena.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 3, 16-23

    Senideok: Ez ete dakizue, Jainkoaren tenplu zariela eta Jainkoaren Espiritua zuengan bizi dala? Jainkoaren tenplua hondatzen dauana, hondatu egingo dau Jainkoak, Jainkoaren tenplua santua da-eta; tenplu hori zeuek zarie.
    Ez begi inork bere burua engainatu. Zuetako norbaitek mundu honen arabera jakitun dala uste badau, egin bedi zoro, egiaz jakitun izateko. Izan be, mundu honetako jakituria zorakeria da Jainkoaren aurrean, Liburu Santuak dinoan lez: «Jakitunak euren maltzurkerian harrapatzen ditu Jainkoak». Eta beste hau be badino: «Badaki Jaunak jakitunen asmoak huskeria dirana».
    Beraz, ez bedi inor gizakiez harrotu, dana zuena da-eta: Paulo, Apolo, Pedro, mundua, bizitza, heriotza, oraina eta geroa; guztia zuena da. Zuek, ostera, Kristorenak zarie, eta Kristo Jainkoarena.

Jaunak esana.

       

Aleluia

1 Jn 2, 5

R/.   Aleluia.

V/.   Kristoren hitza betetzen dauanagan
        Jainkoaren maitasuna bere betera heldu da egiaz. R/.

 

Ebanjelioa

Maitatu egizuez zeuen arerioak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 5, 38-48

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Entzuna dozue antxinakoei agindua: “Begia begiaren orde, hagina haginaren orde”. Nik, ostera, hauxe dinotsuet: Gaizkileari ez erantzun txarto; bestera baino, eskumako matrailean jotzen zaituanari eskeini beste matraila be; soinekoa kentzeko auzitara eroan gura zaituanari emon soingainekoa be; nonork mila pausu egitera behartzen bazaitu, egin bi mila beragaz. Eskatzen deutsunari emon, eta dirua izteko eskatzen deutsunari ez ukatu.
    Entzuna dozue antxinakoei agindua: “Maitatu egizu zeure lagun hurkoa eta gorrotatu zeure arerioa”. Nik, ostera, hauxe dinotsuet: Maitatu egizuez zeuen arerioak eta egin otoitz eraso egiten deutsueenen alde, zeruetan dagoan zeuen Aitaren seme-alaba izan zaitezen ze, harek gaiztoentzat eta zintzoentzat ataratzen dau eguzkia eta zuzenentzat eta okerrentzat egiten euria.
    Izan be, maite zaituenak bakarrik maite badituzue, zer sari zor jatzue? Zergalariek be ez ete dabe beste horrenbeste egiten? Eta zeuon senideak bakarrik agurtzen badituzue, zer egiten dozue berezirik? Jentilek be ez ete dabe beste horrenbeste egiten? Izan zaiteze, beraz, guztiz onak, zeruko zuen Aita guztiz ona dan lez».

Jaunak esana.

(Homilia)