jueves, 26 de septiembre de 2024

uz-04-a


URTEAN ZEHARREKO IV. DOMEKA

A urtean

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Herri apala eta behartsua itziko dot Nik zurean.

Sofoniasen Profezia liburutik

So 2, 3; 3, 12-13

    Bilatu egizue Jauna, zuek, lurraldeko apalok,
haren aginduak betetzen dozuezanok;
bilatu egizue zuzentasuna, bilatu apaltasuna.
Eta beharbada aurkituko dozue babesa
Jaunaren hasarre-egunean.
«Herri apala eta behartsua itziko dot Nik zurean;
Jaunaren izena izango dabe babes Israelen bizirik geldituek.

Ez dabe bidebakokeriarik egingo,
ezta be guzurrik esango;
hareen ahoan ez da mihin maltzurrik aurkituko;
inork ikaratu barik larratuko dira eta etzungo».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 146 [145], 6c-7. 8-9a. 9b-10 (R/. Mt 5, 3)

V/.   Zorionekoak gogoz behartsu diranak,
        eurena dabe-eta zeruetako erreinua.

        Edo: Aleluia.

V/.   Betiko eusten deutso Jaunak bere leialtasunari.
Zapalduen eskubideak defendatzen ditu,
gose diranei ogia emoten.
Jaunak askatzen ditu presoak. R/.

V/.   Jaunak zabaltzen ditu itsuen begiak,
Jaunak jasotzen konkortuak,
Jaunak maitatzen zintzoak,
Jaunak ditu etorkinak zaintzen. R/.

 V/.  Umezurtzei eta alargunei zutunik deutse eusten,
baina gaiztoen nagusitza iraultzen.
Jauna errege da betieran,
zure Jainkoa, Sion, errege gizaldiz gizalditan! R/.

 

II. Irakurgaia

Munduak baliobakotzat dauana aukeratu dau Jainkoak.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 1, 26-31

    Senideok: Begira zeintzuk zarien Jainkoak deituak; zuen artean ez dira asko munduak jakintsutzat hartzen dituanetakoak, ezta ahaltsu nahiz handikietakoak be. Bestetara, munduak zorotzat dauana aukeratu dau Jainkoak, jakintsuak lotsatuazoteko, eta munduak makaltzat dauana, indartsuak lotsatuazoteko; munduak baliobakotzat eta mespretxagarritzat dauana aukeratu dau Jainkoak, munduaren begietan ezer ez dana, zeozer dirala uste dabenak ezerezteko; holan, ez dau inork Jainkoaren aurrean harrotzerik.
    Berari zor deutsazue izatea Kristo Jesusengan, hauxe egin dau-eta Jainkoak guretzat jakituria, honen bidez askatu gaitu, salbatu eta santu egin. Holan betetzen da Liburu Santuak dinoana: «Harrotu nahi dauana, harrotu bedi Jaunagan».

Jaunak esana.

       

Aleluia

Mt 5, 12a

R/.   Aleluia.

V/.   Poztu zaiteze eta alaitu,
        handia izango da-eta zuen saria zeruetan. R/.

       

Ebanjelioa

Zorionekoak gogoz behartsu diranak.

 Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 5, 1-12a

    Aldi haretan, jentetza ikusirik, Jesusek mendira igon eban. Jesarri eta ikasleak inguratu jakozan. Orduan, honan hasi jaken irakasten:

«Zorionekoak gogoz behartsu diranak,
ze eurena da Jainkoaren erreinua.
Zorionekoak negarrez dagozanak,
ze eurak ditu Jainkoak kontsolatuko.
Zorionekoak apalak,
ze eurek izango dabe agindutako lurra ondare.
Zorionekoak zuzentasunaren gose eta egarri diranak,
ze eurak ditu Jainkoak aseko.
Zorionekoak errukitsuak,
ze eurak ditu Jainkoak erruki izango.
Zorionekoak bihotz-garbi diranak,
ze eurek ikusiko dabe Jainkoa.
Zorionekoak bakegileak,
ze Jainkoaren seme-alaba izango dira.
Zorionekoak zuzentasunagaitik erasoa jasaten dabenak,
ze eurena dabe Jainkoaren erreinua.

    Zorionekoak zuek, Nigaitik madarikatuko zaitueenean, erasoka eta guzurrez txarto-esaka erabiliko zaitueenean. Poztu zaiteze eta alaitu, ze handia izango da zuen saria zeruetan».

Jaunak esana.

  (HITZALDIA)