jueves, 26 de septiembre de 2024

uz-03-a


URTEAN ZEHARREKO III. DOMEKA

A urtean

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Galilean, jentilen eskualdean,
argi handia ikusi eban herriak.

Isaias Profetaren liburutik

Is 8, 23b–9, 3

    Sasoi baten, lotsagarri itzi ebazan Jaunak
Zabulonen lurraldea eta Neftaliren lurraldea;
azken aldian, ostera, ospetsu egin dau itsaso ondoko bidea,
Jordanez bestaldeko lurraldea,
Galilea, jentilen eskualdea.
Ilunpean ebilen herriak argi handia ikusi eban;
herio-kerizpean bizi ziranei distira egin eutsen argiak.
Gehitu zenduan poza eta handitu atsegina;
pozik dabiltz zure aurrean,
uzta batzean izaten dan pozez,
harrapakinak banatzean izaten dan atseginez.
Apurtu dozu-eta lepoan eroien buztarri astuna,
zapaltzailearen aginte-makila,
Madiango gudarostea apurtu zenduan lez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 27 [26], 1. 4. 13-14 (R/. 1a)


V/.   Jauna dot argi eta salbamen.

V/.   Jauna dot argi eta salbazino,
nork ni bildurtu?
Jauna biziaren babes,
nork ni ikaratu? R/.

V/.   Gauza bat eskatzen deutsat Jaunari,
horren bila nabil ni:
bizi nadila Jaunaren etxean
neure bizitzako egun guztietan,
Jaunaren edertasuna miretsiz
eta haren tenplua zainduz. R/.

V/.   Ziur dakit Jaunaren ontasuna gozatuko dodana
bizidunen lurrean.
Itxaron Jaunagan!
Eutsi gogor, izan bihotz!
Itxaron Jaunagan! R/.

 

II. Irakurgaia

Etorri zaiteze bat guztiok
eta ez bedi izan zatiketarik zuen artean.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 1, 10-13. 17

    Senideok: Jesu Kristo gure Jaunaren izenean arren eskatzen deutsuet: etorri zaiteze danok bat alkarregaz eta ez bedi izan zatiketarik zuen artean; bizi alkar ondo harturik, ikuspegi eta eretxi bat bera dozuela.
    Izan be, ene senideok, Kloeren jenteagandik jakin dot eztabaidak dozuezala zeuen artean; hau da, hor ei diharduzuela nor bere aldetik esaten: «Ni Paulorena naz», «ni Apolorena»; «ni Pedrorena», «ni Kristorena».
    Zatituta ete dago, bada, Kristo? Paulo kurutzeratu ete eben zuekaitik? Edota Pauloren izenean bateatu ete zindueezan?
    Kristok ez ninduan bateatzera bialdu, Barri Ona iragartzera baino, eta hau, ez giza jakituriazko hitzez, Kristoren kurutzeak bere indarra galdu ez dagian.

Jaunak esana.

       

Aleluia

Ik. Mt 4, 23

R/.   Aleluia.

V/.   Erreinuari buruzko Barri Ona  iragartzen eban Jesusek
        eta herrian gatx guztiak osatzen ebazan. R/.

 

Ebanjelioa      

          Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

Kafarnaumen jarri zan bizitzen,
Isaias profetak esana bete zedin.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 4, 12-23

    Joan Bateatzailea kartzelan sartu ebela jakin ebanean, Galileara baztertu zan Jesus. Baina, Nazaret itzirik, itsasbazterrean dagoan Kafarnaumen jarri zan bizitzen, Zabulonen eta Neftaliren lurraldean. Holan bete zan Isaias profetak esana:

 «Zabulonen lurraldea eta Neftaliren lurraldea,
itsasbidea, Jordanez beste aldean, jentilen Galilea.
Ilunpean bizi zan herriak argi handia ikusi eban;
herio-ilunpean bizi ziranei distira egin eutsen argiak».

    Ordutik hasi zan Jesus iragartzen: «Bihotz-barritu zaiteze, hurrean da-eta zeruetako erreinua».
    Jesusek, Galileako laku-bazterrean zehar ebilela, anaia bi, Simon, Pedro deitua, eta Andres, ikusi zituan, sareak uretara botatzen, ze arrantzaleak ziran. Jesusek esan eutsen: «Zatoze neugaz eta giza arrantzale egingo zaituet».
    Hareek, beste barik, sareak itzi eta jarraitu egin eutsoen.
    Aurrerago, beste anaia bi ikusi zituan, Santiago eta Joan, Zebedeoren semeak, aitarekin ontzian sareak konpontzen. Eta dei egin eutsen. Hareek, behingoan, ontzia eta aita itzirik, jarraitu egin eutsoen.
    Galilea osoan zehar ebilen Jesus, hango sinagogetan irakasten, erreinuaren gaineko Barri Ona iragartzen eta herrian gatx eta gaixotasun guztiak osatzen.

Jaunak esana.

 

           Ebanjelioa era laburrean.

Kafarnaumen jarri zan bizitzen,
Isaias profetak esana bete zedin.

 Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 4, 12-17

    Joan Bateatzailea kartzelan sartu ebela jakin ebanean, Jesus Galileara baztertu zan. Baina, Nazaret itzirik, itsasbazterrean dagoan Kafarnaumen jarri zan bizitzen, Zabulonen eta Neftaliren lurraldean. Holan bete zan Isaias profetak esana:

«Zabulonen lurraldea eta Neftaliren lurraldea,
itsasbidea, Jordanez beste aldean, jentilen Galilea.
Ilunpean bizi zan herriak argi handia ikusi eban;
herio-ilunpean bizi ziranei distira egin eutsen argiak».

    Ordutik hasi zan Jesus iragartzen: «Bihotz-barritu zaiteze, hurrean da-eta zeruetako erreinua».

Jaunak esana.