jueves, 26 de septiembre de 2024

uz-05-a


URTEAN ZEHARREKO V. DOMEKA

A urtean

(Fray Marcos)

(.pptx

I. Irakurgaia

Egunsentia lez zabalduko da zure argia.

Isaias Profetaren liburutik

Is 58, 7-10

    Honan berba egiten dau Jaunak:
«Emon zeure ogitik gose danari
eta hartu etxean aterperik bako behartsuak;
jantzi biluzik dagoana,
eta ez egin entzungor zeure gizakideari.
Orduan zure argia
egunsentia lez zabalduko da
eta zure osasuna behingoan erneko;
justizia izango dozu aurretik gidari
eta Jaunaren aintza atzetik babesgarri.
Orduan zuk dei egin, eta Jaunak erantzungo deutsu;
zuk oihu egin, eta harek esango:
"Hemen nozu!"
Buztarri guztiak, salaketak eta txarto esateak baztertzen badozuz,
gose danari zeure ogitik emoten
eta behartsuaren premina asetzen badozu,
zure argia ilunpean zabalduko da
eta zure ilunaldia eguerdi bihurtuko».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 112 [111], 4-5. 6-7. 8a eta 9 (R/. ik. 4a)


 R/.
   Jaunari begirune deutsana
        ilunpean argia lez da zintzoentzat.

        Edo: Aleluia.

V/.   Ilunpean argia lez da zuzenentzat:
errukiorra, bihozbera eta zintzoa.
Zorionekoa errukitu eta emoten dauana,
bere arazoak zuzen atontzen dituana. R/.

V/.   Ez da inoiz kili-kolo egongo;
zintzoaren gogorapenak beti bizirik dau iraungo.
Ez deutse barri txarrei bildurrik,
sendotu dau bihotza, Jaunaz fidaturik. R/.

V/.   Seguru dau bihotza, bildurrik barik;
esku betean emoten deutse behartsuei,
haren eskuzabaltasunak betiko dirau,
ohorez jasoko dau bekokia. R/.

 

II. Irakurgaia

Jesu Kristo kurutzeratua iragarri neutsuen.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 2, 1-5

    Senideok: Niri dagokidanez, Jainkoaren salbazino-asmoa iragartzera joan nintxatzuenean, ez neutsuen hitz egin giza jakituriazko hizkera landua erabiliz. Izan be, zuen artean ez neban ezer jakin nahi izan, Jesu Kristo, eta berau kurutzeratua, izan ezik.
    Horregaitik, makal eta bildurrez dar-dar agertu nintzan zuen aurrean. Nire hitza eta predikua ez ziran giza jakituriazko argudiotan oinarritu, Espirituaren indarrean baino, holan, zuen sinismena Jainkoaren indarrean oinarritu eiten eta ez giza jakiturian.

Jaunak esana.

       

Aleluia.

Ik. Jn 8, 12

R/.   Aleluia.

V/.   Neu naz munduaren argia, dino Jaunak;
        Niri jarraitzen deustanak  izango dau bizirako argia. R/.

Ebanjelioa

Zuek zarie munduaren argia.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 5, 13-16

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Zuek zarie lurraren gatza. Baina gatza gazatzen bada, zelan gazitu barriro? Ez dau orduan ezertarako balio, kanpora bota eta jenteak zapaltzeko baino.
    Zuek zarie munduaren argia. Ezin daiteke ezkutatu mendi gainean dagoan herria. Kriseilua be ez da bizten lakaripean ipintzeko, argimutilaren gainean ipintzeko baino, etxeko guztiei argi egin deien.
    Era berean, zuen argiak danen aurrean egin behar dau argi, zuen egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita goretsi dagien».

Jaunak esana.